MARRAZIOAK X

ORBAINAK, AUTORRETRATU MUTANTEAK ETA MEMORIA-LIPORELLOAK
MARRAZIOAK-EN HAMARGARREN EDIZIOA BUKATZEKO

Bukatzen ari dira aurtengo MarraziOak ilustratzaileen topaketak. Memoriaren marretan barrena hausnarketa ugari egiteko aukera izan dute parte hartu duten 12 ilustratzaileek. Hausnarketa bakarrik ez: norberaren memorian oinarrituta sormen lan bikainak gauzatu dituzte. Besteak beste, norberaren bizipen, une edo objekturen batean oinarritutako liporello formako albumak. Bukatuak dituzte jada. Baina horrez gain, sormena sustatzeko hainbat ariketa ere egin dute. Beti bezala, ideia eta proiektu ugari sortuko dira MarraziOak-etik.



12 izan dira aurtengo edizioan parte hartu duten ilustratzaileak. Batzuentzat ez da lehen aldia izan; beste batzuk aurten estreinatu dira. Beste zenbait Biko-Teka, Iruñeko Udalarekin Galtzagorri elkarteak gauzatzen duen Liburu Grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartutakoak dira. Guztiek lan asko egin dute irailaren 13an hasi eta gaur arte, Donostiako Komikigunean, goiz eta arratsaldez, Galtzagorri elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzak antolatutako MarraziOak X.ean.

60 ilustrazio 60 minututan
Eduki teorikoez gain, liburuak eta filmak ikusi, eta batez ere, sormen ariketa ugari gauzatu dituzte parte hartu duten 12 ilustratzaileek. Esaterako, atzo, Ignasi Blanch irakasleak, bertsolariei gai-jartzaileak bezala, gaia jarri zien, eta ilustratzaileek ordubetean, minuturo, marrazki bat egin behar izan zuten gaiari lotutakoa. Minutu bakoitza bukatutakoan, paper bat utzi, eta beste paper zuri baten gainean beste ilustrazio bat egin behar izan zuten. Gaia hitz bakar batean eman zien Blanchek, honakoa: “Orbaina”. Argazkietan ikusten den moduan, gero, ilustrazio pila hori guztia aztertzen aritu ziren ilustratzaileak, Harkaitz Canok eta Ignasi Blanchek lagunduta.

Azken eguna da gaur eta goizez “autorretratu mutante” bat egiten dabiltza. Norberak bere buruaren erretratua egin behar du, baina erretratu horretan ilustratzaile bakoitzak etxetik ekarri duen objektu pertsonal bat ere ilustratu behar dute.

Liporelloak
Orain bi urte bezala, oraingoan ere liporello edo “liburuxka desplegable” bana osatu dute parte-hartzaileek. 2016an, Errauskine edo artearen historian emakumearen errepresentazioa ziren liporelloen gaia. Oraingoan, memoria, bakoitzaren memoria, hizki txikiz idazten dena… Norberaren memoriatik une batzuk hautatu, izoztu eta kontatu dituzte. Norberaren mundu intimotik irakurle ororentzat interesgarria izan daitekeena hautatu, sekuentziatu eta ilustratuz.



HASI DIRA ILUSTRATZAILEAK NORBERAREN MEMORIAN ARAKATZEN

12 dira aurtengo MarraziOak-en memoriaren gaia lantzen hasi diren ilustratzaileak: Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Andrea Costas, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino.  Ignasi Blanch ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak, lehendabiziko aurkezpenak bideratu ostean, aurtengo jardunaldien programa eta mamia azaldu dizkiete parte-hartzaileei. Eta, gero, lanean jarri dituzte parte-hartzaileak:

Bakoitzak euren bizitzaren memoriaren ilustrazio bat egin behar izan du. Izan zitekeen egoera bat, pasarte bat, une jakin bat... 12ek ilustrazioa osatuta zutenean, ondoko lagunari pasa behar izan diote. Eta hark interpretatu behar izan du ilustrazioak zer kontatzen zuen. Ondoren, kontrastatu dute egileak ilustratu nahi zuenarekin.


Atseden labur baten ostean, Tod Browning-en “Freaks” filma (1932an estreinatu eta zinemaren historian gehien zentsuratu den pelikula) ikusteari ekin diote.





Memoriaren liporelloak
Aurten ere, orain bi urte "Errauskine"ren istorioak irudikatzeko erabili zuten formatu bera gauzatuko dute ilustratzaileek. Liporello bana osatu beharko dute euren memoria intimoa irudikatuz. Arratsalderoko saioak eskainiko dizkiote zeregin horri. 

Gaur hasi eta datorren asteartera arte (irailak 18ra arte) lan handia egin beharko dute aurtengo MarraziOak-en parte hartzen ari diren 12 ilustratzaileek. Euren memorietan murgildu eta, bertan, ilustratuko duten pasarte edo istorioa hautatu, hausnartu eta ilustrazio bidez kontatzen asmatzeko.  






MEMORIAREN MARRETAN BARRENA. Norbere espaziotik, norbere gorputzetik”

Memoriaren gaia pil-pilean dago aspaldion gure artean. Ilustratzaileen mundua ezin gera daiteke kezka horretatik aparte. Ez gara, gure kasuan, komunitate baten memoria kolektiboaz ari, baizik eta bakoitzaren oroitzapen besterenezinei jarri beharko geniekeen arretaz eta arreta hori modu sortzailean erabiltzeko aukeraz.
Gauzak horrela, aurtengo Marrazioak ikastaro trinkoan norbere gorputzetik eta norbere inguru intimotik abiatuz, ni-aren indarra eta gertuko memoria –letra ttipiz idatzitakoa– lantzeko erronkaren aurrean jarriko gara. Norbere espazio gertukoenetik, norbere gorputzetik, autobiografiatik eta keinuetatik abiatuta, sortzen diren irudien sekuentziazioan arreta berezia jarriko dugu.

Memoria da, beraz, hausnarketarako gaia. Eta sekuentziazioa, hausnarketa horri aurre egiteko teknika. Ez baita gauza bera zerbait gogoratzea eta gogoratzen dugun hori egituratu eta artikulatzea. Egiturarik ezean, antzua suerta daiteke memoria. Eta marraztea ere, egituratzeko modu bat da. Sekuentziazioaz ari garenean, une jakin batzuk izozteaz ari gara, film batean garrantzitsua dena are garrantzitsuagoa baita liburu ilustratu batean, irudi sorta ttipi baten bidez ebatzi behar duenean marrazkilariak kontatu nahi duen istorioa.

Norbere gorputzari modu inkontziente batean guk arrazionalki oroitzen ez ditugun gauzak “gogorarazten” laguntzea ere izango da aurtengo Marrazioak ikastaroko helburuetako bat. Horretarako, hautatuak izango diren ilustratzaileek eskala errealeko lientzo/paper handien gainean keinua askatzeko aukera izatea ere nahi genuke une puntual batean.

Ikasleei euren bizitzako lekuak, argazkiak, objektuak aipatzea eta ekartzea eskatuko zaie, haietatik abiatuta barrurantz (nork bere buruari) eta atzerantz (denborari) egin diezaion zintzoki aurre. Ikasle bakoitzak egitasmo pertsonal/partikular bat garatuko du eta inplikazio berezi bat eskatuko zaio, ondorioz. Abiapuntu horretatik, guztion artean mundu intimo hori irakurle orokorrarentzat interesgarri izan daitekeen moduan nola eraldatu daitekeen pentsatzen saiatuko gara MarraziOak-eko X. edizioan: Intimotik hasita, unibertsalerantz.

   
Helburu zehatzak
  
1-Ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formazioa eskuratzea: ilustraziorako teknika ezberdinetan, pertsonaien errepresentazio moduetan, sekuentziazioa, egitura eta genero anitzetan(album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak, haur txikientzako liburuak…).

2-Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten.

3-Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea. Arriskatzeko, bide berriak arakatzeko aukera eskaintzen die. Argitaletxeen eta mundu komertzialaren parametroetatik harago joanez. X. edizioan, EGHLn oraindik apenas jorratu den memoriaren gaiari helduko diote.

4-Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du. Parte hartzaileek aitortzen dutenez, ideia berriak eskuratzen dituzte formazio saio hauetan.

5-Euskaraz (nagusiki) eta Euskal Herrian ilustratzaileentzako formazio egitarau bat eta bakarra eskaintzea, mundu honetan adituak direnen eskutik.

MarraziOak X: Programa eta deialdia

Aurtengo edizioan memoriaren gaiaz hausnartuko dute parte-hartzaileek. Horretarako, gertuko memoria, letra ttikiz idazten den norberaren memoriari erreparatuko diote parte hartuko duten ilustratzaileek eta hortik abiatuz eraikiko dute besteentzat interesgarri izan daitekeen ilustrazioen sekuentziazioa. Lanketa eta formazio hori 5 egunez egingo da.

Beraz, egun bakoitzean oinarrizko ildo teoriko batzuk eskainiko diren arren, horietatik abiatuz, egunero ariketak egin beharko dituzte parte hartzen duten ilustratzaileek.

Hasteko, bakoitzak modu kontzientean gogoratzen ez dituen oroitzapenak gogoraraztea izango da erronketako bat. Oroitzapen horietatik interesgarrienak hautatu eta sekuentziatzea izango da lana: oroitzapen horiekin ilustrazioetan oinarritutako istorio bat sortzea. Tailerraren emaitza beraz, egunez egun ikasle bakoitza garatzen joango den egitasmo pertsonal/partikular bat izango da.

Iraupena
5 egunez, guztira, 37 orduko tailer praktikoa garatuko da Komikigunean.
Aurtengo ordutegia eta saioak honela banatuko dira:
Irailaren 13 eta 14an: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Irailaren 15ean: 9:00etatik 14:00etara.
Irailaren 16an ez da tailerrik izango, igandea baita.
Irailaren 17 eta 18an: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Parte-hartzaileak:
12 Ilustratzaileei emango zaie parte hartzeko aukera. Formazio-beka bana eskuratuko dutelarik: alegia tailerrean doan parte-hartzeko aukera.
Horretarako deialdi zabala egingo da ekainean.

Parte hartu nahi duten ilustratzaileek 2018ko uztailaren 6a baino lehen bidali beharko dute euren curriculuma eta zenbait ilustrazio lan. Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.  

Aurkezten diren hautagaiak eta lanak baloratu ondoren, irakasleek uztaila bukaerarako emango dute jakitera zein ilustratzailek parte hartuko duten MarraziOak X Topaketetan.


Datak:
2018ko irailaren 13tik 18ra (16a salbu).


  
Irakasleak

Ignasi Blanch i Gisbert. Irudigilea. Bartzelonako Unibertsitatean Arte Ederretan Lizentziatua. Hiru urtez Berlinen bizi izan zen eta bertako Künstlerhaus Bethanien arte eraikinean irudigintza eta grabazio tekniketan espezializatu zen.
Gaur egun Bartzelonan bizi eta lan egiten du. Hainbat argitaletxetan argitaratzen du, hala nola, Tatatuka, La galera, Cruïlla, Claret, Parramón, Casals.
Saarbrücken-go (Alemania) Haur eta Gazteen Liburuaren Saloian erakusketa eta saio didaktikoetan parte hartzen du 2001etik hona. Bartzelonako “L’escola de la Dona Francesca Bonnemaison”n ilustrazio alorreko irakaslea da.

Harkaitz Cano Lasarten jaio zen 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide.”Twist”(2011) da argitaratu duen fikziozko azken literatur lana.”Beluna jazz”(1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriak, “Belarraren ahoa(2004) ukronia, ”Neguko zirkua”(2005) ipuin bilduma eta irailaren 11ko erasoen aurretiko New Yorkeko bere egonaldian mamitutako Piano gainean gosaltzen”(2000) kronika ere argitaratu ditu, besteak beste. Telebista eta komiki gidoilari gisa aritua da. Haur literatura ere idazten du tarteka. Alor honetan argitaratuak ditu, besteak beste “Lesterren logika”, “Orkestra lurtarra”, “Omar dendaria”, “Piztia otzanak” komiki liburua eta “Zer demontre dago aulkien azpian?”. Diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, bestalde, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak. Hirutan irabazi du Euskadi Saria (“Twist”, “Belarraren ahoa” eta “Orkestra Lurtarra” lanengatik) eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. “Twist” nobelarekin, Beterriko Liburua aipamena ere erdietsi zuen. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario