2015/10/21

Marraz(i)Oak VII abian da Komikigunean

Galtzagorri Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Marraz(i)Oak VII topaketak abian dira. Urriaren 23 arte Elena Odriozolaren eta Gustavo Puertaren "Gauzen lezioak" lantegian ariko dira hamar ilustratzaile.

Aurten, gainera, Marraz(i)Oak Donostiako Komikigunean ari dira egiten. Hauek dira aurtengo topaketetan parte hartzeko Odriozolak eta Puertak hautatu dituzten hamar ilustratzaileak: Begoña Durruty, Unai Fernandez, Gurutz Oiarzabal, Yolanda Yobero, Nagore Txintxurreta, Maite Gurrutxaga, Irati Eguren, Garazi Bereziartua, Dani Maiz eta Amaia Arrazola.

Gauzen lezioak Joan den mendean “Gauzen Lezioak” izenburua zuten dibulgaziozko argitalpen ugari argitaratu ziren. Irakurlearen jakin-mina, ezagueraren gertutasuna eta gauzak ulertzearen plazera bultzatzen zuten dibertimenduzko obrak ziren “Gauzen Lezioak”. Gertuko hizkera, egitura xumea, ilustrazio deskribatzaileak eta hurbilekoak eta egunerokoak bezain erakargarriak diren era guztietako gaiak zituzten oinarri argitalpen hauek. Formatu eta genero grafiko zaharrak berreskuratuko dituzte.

Gauza arruntek piztu dezaketen lilura sentsaziotik sortzen den ilustrazioa berrekuratzea izango da aurtengo topaketen helburua. Hala, jakituriaren zuhaitzak, mapak, eskolako laminak, panoramikak… egin ahal izango dituzte izena eman eta aukeratuak izan diren hamar ilustratzaileek. Topaketek iraungo dituen 5 egunetan ilustratzaileek kalera atera beharko dute: irudikatu eta ulertu nahi duten errealitatearekin aurrez aurre topo egitea eskatuko baitiete Puertak eta Odriozolak. Ondorioz, nola dendak zein azokak, hala parkeak zein museoak, gune publiko zein pribatuak bisitatuko dituzte. Gaiak askorako emango du eta ohi bezala lanketa interesgarriak gauzatuko dituzte parte hartzaileek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario