2015/09/23

Hamar lagun hautatu dituzte Marraz(i)Oak VII topaketetarako

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak babestuta, 7. Aldiz antolatu ditu aurten Marraz(i)Oak topaketak. Iaz bezala, Elena Odriozola ilustratzaileak eta Gustavo Puerta arte eta literatura adituak gidatuta egingo dira urriaren 19tik 23ra; aurten, gainera, lehen aldiz Komikigunean.

Marraz(i)Oak VII topaketetan hamar ilustratzailek hartuko dute parte aurten. Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izan dira aurkeztutako ilustratzaileak (13) hautatu dituztenak bakoitzaren lanak aztertu ondoren. Hauek izan dira hamar hautatuak: Begoña Durruty, Unai Fernandez, Gurutz Oiarzabal, Yolanda Yobero, Nagore Txintxurreta, Maite Gurrutxaga, Irati Eguren, Garazi Bereziartua, Dani Maiz eta Amaia Arrazola.

"Gauzen lezioak" lelopean egingo dira aurtengo topaketak Komikigunean. Gaiak askorako emango du eta ohi bezala lanketa interesgarriak gauzatuko dituzte parte hartzaileek.


Formatu eta genero grafiko zaharrak berreskuratuko dituzte aurtengo topaketetan. Gauza arruntek piztu dezaketen lilura sentsaziotik sortzen den ilustrazioa berrekuratzeko asmoa dute Odriozolak eta Puertak. Hala, Marraz(i)Oak-en, aurten, jakituriaren zuhaitzak, mapak, eskolako laminak, panoramikak… egin ahal izango dituzte izena eman eta aukeratuak izan diren hamar ilustratzaileek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario