Tailer honetan aldareen begirada desideologizatua lantzeko aukera sortu nahi dute bi adituek topaketa hauetan. Euren hitzetan, "ilustrazioa lantzerakoan, perspektiba desberdina eta harrigarria lor dezakegu, gure kultura tradizionalen planteamendu estetikoak geureganatuz". Jolaserako, hausnarketarako, sormen pertsonalerako eta elkarlanean sortzeko lekua izan nahi du Marraz(i)Oen edizio honek. Bertan tradiziozko hizkuntzarekin esperimentatzeko beharra aldarrikatuko dute Puertak eta Odriozolak.
Metodologia
Tailerraren lehen saioetan, errepresentatibotasun grafikoen hausnarketa eta imitazioetan zentratuko dira parte hartzaileak. Eskapulario eta zingarriekin hasiko dira, sinboloaren gaian sartzen hasteko, eta gure ondare ikonografikoan murgilduko dira, baita haren zentzu psikologikoan ere.
Ondoren jatorri erlijiosoa duten eredu narratiboak landuko dituzte, hala nola, Errusiako estanpa herrikoiak (lubki) eta ex-votoak, hauen estrukturak eta gaiak aztertu ondoren, hortik aurrera euren istorio propioak sortzeko.
Norberak bere hausnarketarekin jarraituko du santoral bat sortuz, eta honetan irakasleek aukeratuko dute pertsona, animalia edo mirespena jasoko duen hori. Beharrezko santifikazioa egin ondoren bere bizitza eta mirariak narratzera pasako dira.
Nola parte hartu?
Ohi bezala topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie 12 ilustratzaileri. Hauek izena eman dutenen artean aukeratuko ditu epai-mahaiak. Baina izena emateko honako baldintzak bete beharko dira:
- Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.
- Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
- Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan hartuko da.
- Lana: San Ignazioren bizitzaren kapitulu bat marraztu beharko da
- Dokumentazioa:
· Curriculuma
· NANaren kopia bat
· Posta elektronikoaren helbidea
· Telefono zenbakia
Informazio gehiago eta argibideak nahi izanez gero, deitu Galtzagorri Elkartera (943 471 487) edo idatzi galtzagorri@galtzagorri.org helbidera.
Topaketen oinarriak eta azalpen gehiago beheko dokumentu atxikian dituzue.
No hay comentarios:
Publicar un comentario