2012/05/22



Marraz(i)Oak IV topaketetarako deialdia zabalik


"Ilusionismoa Aurrezinetik Ilustratzen" lelopean, Elena Odriozola eta Gustavo Puertaren eskutik aurten zinema sortu aurreko lehen urratsetara egingo dute jauziMarraz(i)Oak IV topaketek.
Zinema sortu baino lehenago, hainbat objektu optikoetan egiten ziren irudien errepikapenaren bitartez lortzen zen mugimenduaren, hiru dimentsioen eta aldaketa sotilen sentsazioa iradokitzea. Bada, teknika horietara gerturatuko dira aurtengo topaketak. Haur Literatura eta honen ilustrazioa ulertzeko beste modu bat arakatuko da tailerrean, garai bateko tramankuluak aprobetxatuz.
Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen dituen tailer hauetan, aurten begirada atzera botako dute parte hartzaileek. Argitasun-iluntasun efektuak, gain-posizioak, erlaitz eta behatxuloak, transparentzia eta irudien gain-jartzeekin jolasean ilusionismoaren munduan murgilduko dira. Linterna magikoak, diafanoramak, dioramak, zootropoak, paperezko antzerkitxoak eta horrelako beste tramankuluak izango dituzte abiapuntu hainbat ariketa gauzatzeko.
Horretarako Zarauzko Photomuseumera bisita bat ere egingo da topaketen baitan.
Elena Odriozola eta Gustavo Puerta
Aurreko edizioetan Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch aritu dira irakasle lanetan, iaz, berriz, Oier Gillan idazlea, Jose Belmonte ilustratzaile eta animazio egilea eta Isabel Herguera animazio egilea. Eta aurten ere ibilbide oparoa duten Elena Odriozola ilustratzailea eta Gustavo Puerta irakasle eta literatur kritikari ezagunek gidatuko dituzte saioak.
Kopuru mugatua
Hamabi irudigilek hartuko dute parte. Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar diute eta Galtzagorri Elkarteko edo Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea kontuan hartuko da. Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko epai-mahaiak aukeratuko dituen 12 lagunei. Beraz, beka bana izango dute tailer honen formazioa jaso eta bertan sortuko diren lanak bideratu eta bistaratzeko.
Izen-ematea
Irudigileek pertsonaia bat asmatu eta marraztuta bidali beharko dute. Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute: curriculuma, NANren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia
Dokumentazioaren hiruna kopia bidali beharko dute CD formatuan helbide honetara: Galtzagorri Elkartera: Zemoria kalea, 25, behea. 20013 Donostia
Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2012ko abuztuaren 24a izango da. Aukeratutakoei 2012ko irailaren 14rako erantzungo zaie.

Material osagarria

No hay comentarios:

Publicar un comentario