2018/09/13

HASI DIRA ILUSTRATZAILEAK NORBERAREN MEMORIAN ARAKATZEN


12 dira aurtengo MarraziOak-en memoriaren gaia lantzen hasi diren ilustratzaileak: Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Andrea Costas, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino.  Ignasi Blanch ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak, lehendabiziko aurkezpenak bideratu ostean, aurtengo jardunaldien programa eta mamia azaldu dizkiete parte-hartzaileei. Eta, gero, lanean jarri dituzte parte-hartzaileak:

Bakoitzak euren bizitzaren memoriaren ilustrazio bat egin behar izan du. Izan zitekeen egoera bat, pasarte bat, une jakin bat... 12ek ilustrazioa osatuta zutenean, ondoko lagunari pasa behar izan diote. Eta hark interpretatu behar izan du ilustrazioak zer kontatzen zuen. Ondoren, kontrastatu dute egileak ilustratu nahi zuenarekin.


Atseden labur baten ostean, Tod Browning-en “Freaks” filma (1932an estreinatu eta zinemaren historian gehien zentsuratu den pelikula) ikusteari ekin diote.




Memoriaren liporelloak
Aurten ere, orain bi urte "Errauskine"ren istorioak irudikatzeko erabili zuten formatu bera gauzatuko dute ilustratzaileek. Liporello bana osatu beharko dute euren memoria intimoa irudikatuz. Arratsalderoko saioak eskainiko dizkiote zeregin horri. 

Gaur hasi eta datorren asteartera arte (irailak 18ra arte) lan handia egin beharko dute aurtengo MarraziOak-en parte hartzen ari diren 12 ilustratzaileek. Euren memorietan murgildu eta, bertan, ilustratuko duten pasarte edo istorioa hautatu, hausnartu eta ilustrazio bidez kontatzen asmatzeko.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario