2017/05/24

MarraziOak IX. deialdia zabalik da

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren laguntzarekin urtero antolatzen dituen MarraziOak topaketek  9. edizioa beteko dute aurtengo irailean. Ilustratzaileei zuzendutako astebeteko lantegia da MarraziOak eta aurten irailaren 11tik 15era egingo da Komikigunean, Donostian.
Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte jardunaldiak eta hauxe da prestatu duten gaia: “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin. Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra”. Gehienez 12 irudigilek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izen-ematea uztailaren 7an amaituko da.




Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren babesarekin antolatzen dituen MarraziOak topaketek 9. edizioa beteko dute aurten. Astebeteko lantegi intentsibo honetan, haurrentzako liburuak ilustratzeko teknika, genero eta estrategia ezberdinen inguruko formazioa eskaintzen zaie aukeratutako ilustratzaileei. Aurten irailaren 11tik 15era egingo da Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16. Donostia).
Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte jardunaldiak eta hauxe da landuko duten gaia: “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin. Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra”. Haur txikientzako liburuak sortzearen erronkari helduko diote beraz aurtengo MarraziOak-en: bere konplexutasunagatik, zabaltzen dituen esperimentatzeko aukerengatik eta dakartzan komunikazio eskakizunengatik Haur Literaturaren baitan nabarmentzen den alorren bat baldin bada, hau, ezbairik gabe, haur txikientzako liburuena da.
Liburu hauek ordea, ez dute liburu-albumek izaten duten ospea. Literaturatik baino jostailuetatik gertuago dagoen merkantziatzat hartzen baitira. Aurreiritzi hori oso errotua dago, eta merkatuan nagusi den eskaintza kaskarrak ez du gehiegi laguntzen.
Baina, posible al da haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzea?
Zertarako egin liburuak oraindik irakurtzen ez dakitenentzat?

Norentzat
Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie irakasleek aukeratzen dituzten 12 lagunei. 5 egunez, 7 ordutako saioak eskainiko dira. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa eskainiko da beraz.
Gehienez 12 irudigilek parte hartuko dute eta hauek dira parte hartzeko baldintza orokorrak:
• Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.
• Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
• Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.
• Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.

Dokumentazioa
Ilustratzaile bakoitzak ume txiki baten egunerokotasuna erakusten duen gutxienez lau ilustrazioz osatutako sekuentzia bat marraztu eta bidali beharko du.
Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du:
• Curriculuma
• NANren kopia bat
• Posta elektronikoaren helbidea
• Telefono zenbakia
Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du administrazioa@galtzagorri.eus –era.

Izen-ematea uztailaren 7an amaituko da. Aukeratutako ilustratzaileei 2017ko uztailaren 28rako erantzungo zaie.

No hay comentarios:

Publicar un comentario